ERGAKO TRINITATEA

 
 

CASTELLANO

SAINDUTEGIA

Sorrera

Tomás López Sellések Nafarroako mila seiehun eta hogeita bat baseliza katalogatu ditu. Gurtzarako irekita daudenen artean, nahiko ezaguna dugu Ergako Trinidadea, Aginagako jurisdikzioan.

Ez Zian, ez Aginagan, ez dago basilika hau sortu zeneko dokumentaziorik. Ezin dugu jakin, susmatu baizik, baseliza hau zein urtetan eraiki zen. Baliteke XIII. mendekoa izatea (arte-kritikari batzuek harrizko eskultura mende horretakoa dela esan dute). Bestalde, badakigu XVI. mendean Nafarroan eraitsitako baseliza asko zeudela, animalientzako babesleku bihurturik. 1590eko sinodo diozesiarrak baseliza horiek zaharberritzeko edo botatzeko agindua eman zuen. Agian, XVII. mendean egin zen eliza hau, lehendik zegoenaren elementu batzuk gordez.

Aizkorbeko biztanleen eta beste askoren ustez, Ergako baseliza Aginagako eta Aizkorbeko udalerriak banatzen dituen lerro teorikoaren gainean eraiki zen. Haien esanetan, baselizak hartzen duen lurraren atalik handiena Aginagakoa da eta Aizkorbekoa, berriz, zerrenda estu bat, San Joseren irudia dagoen aldea, hain zuzen ere. Dena dela, Aginagakoak ez datoz bat iritzi horrekin eta baseliza osoa Aginagako lurretan eraikita dagoela esaten dute.

Baselizako solairua errektangeluarra da (18 x 8) eta teilatuak bi isurialde ditu. Kanpaidun kanpai-horma kenduz gero, etxe txiro bat ematen du. Ateak iparrera ematen du: nahiko gauza bitxia da latitude hauetan, baina irtenbide bakarra. Hormak erabat lauak dira, porlanez eta karez entokaturiko harlangaitzezkoak, eta ekialdean estilo arrunt eta modernoko leiho bakarra dute. 

Kondaira

Belaunaldiz belaunaldi jaso dugun kondaira bat dago Trinidadeko baselizaren eraikuntzari buruz. Kondaira horren arabera, baseliza naturaz gaindiko laguntza bati esker eraiki zen hain zaila den toki batean.

Kondaira horrek hainbat aldaera ditu, kontalariaren jatorriaren arabera. Imotz eta Guliako haranetako biztanleen esanetan, baseliza Malaunen edo Lizerretako Soron hasi ziren eraikitzen (biak Aginagakoak). Aizkorbekoek, berriz, Bordazarretako eremuan hasi zirela eraikitzen esaten dute. Toki horiek guztiak baseliza egun dagoen tokia baino erosoagoak dira.

Ezadostasun horiek gorabehera, aldaera guztiek hauxe diote: baseliza eraikitzerakoan, misterioak misterio, egunez egindako guztia gauez gaur egun kokatuta dagoen tokian agertzen zen. Ondorioz, baseliza toki hartan bertan eraiki behar zutela pentsatu zuten, eta horrela egin zuten. Baseliza toki hartan egitea oso arriskutsua izan arren, langileek ez zuten ezbeharrik jasan. Adinekoek esaten dute gaztetan sinetsi egin zutela kondairak esaten duena, baina gaur egun asmazioa dela uste dutela.

1766. urtean Trinidadeko grabatu baten azpian honako hau idatzi zuten: “santutegi misteriotsua”.

Artea

Baseliza honetako bi irudi gordetzen dira: Trinidade Guztiz Santua eta Ergako Santa Maria.

Trinidade Guztiz Santuaren irudia:

Laburpen txiki bat eginez, irudia gotikoa dela esango dugu, eta Trinidadearen eta Eukaristiaren misterioak islatzen dituela.

Pieza bikain hori gutxi gorabehera XIV. edo XV. mendean egin zen, eta XV. mendearen hasierako edo XIV. mendearen bukaerako eskola frantses batenak direla esan dezakegu, hanka sartzeko inolako beldurrik gabe. Irudia hareharri fin leunez eginda dago eta metro bateko altuera du. Aita Betikoaren koroa eta gurutzearen INRIa baino ez ditu urreztatuta.

Ama Birjinaren irudia profanatu zutenean, baselizatik kentzea erabaki zen, eta gero idi-gurdi batean igotzen zen baselizara eta han egoten zen prozesioak iraun bitartean. Oso pisutsua denez, nahiko zaila izaten zen irudia jaitsi eta igotzea. Lan hori saihesteko, 1941 eta 1949 urteen artean pastazko irudi bat egin zen, egiazkoaren kopia zehatza zena, baselizan betiko uzteko.

Ama Birjina haurrarekin irudia: 

Ergako Santa Maria zurezkoa da. Ama Birjina ohorezko aulki xume batean dago eserita eta Haurra Amaren ezkerreko belaunaren gainean. Amak koroa du buruan, eta eskuineko eskuan sagar bat; ezkerreko eskua, berriz, haurraren ezkerreko sorbaldaren gainean dauka. Haurrak, bularraren parean, liburu bat erakusten du ezkerreko eskuarekin eta eskuinekoa jasota dauka bedeinkatzeko keinua eginez. Estatuak 75 cm neurtzen ditu. Eskuetan eta sudurrean erredurak eragin zizkiotenez, 1935. urtean zaharberritu egin zuten. Obrak hasterakoan, 1971. urtean, eraman zuten Ergako baselizatik. 

Ermitaua

Ermitauaren irudia 1685eko urriaren 18an agertzen da lehenbizikoz. Badakigu ermitauak Aginagan bizi zirela eta Ergako mendiko etxean egoten zirela karguari zegozkien eginbeharrak egiten zituzten bitartean.

Hona hemen Ergako baselizan egondako ermitau batzuen izenak:

Martin de Saldise, Francisco de Huarte, Juan Angel de Zia, Juan José de Zia, Juan Ramón Gerendain, Juan Miguel Mariñelarena Yaben, eta, azkenik, José María Oroquieta.