Urteko egun askotan agertzen dute eskualdeko fededunek Trinidade Santuari dioten debozioa.
Ezagutzen ditugun erromeria guztiak aipatuko ditugu, gaur egun haietako batzuk desagerturik egon arren.
Mendekoste ondoko lehendabiziko igandea: Trinidade egunean ospatzen den erromeria hau da guztietatik garrantzitsuena. Erromeria hau 1513. urtetik egiten da gutxienez. Erromeriara jende asko joatea ala ez eguraldiak (euria, lainoa, eguzkia) baldintzatzen du; izan ere, euria egiten duen egunetan oso jende gutxi bertaratzen da. Baselizan meza ematen da, eta sermoia Trinidadeko misterioari buruzkoa izaten da. Guliako bailarako biztanleez gain, eskualdeko beste herri askotatik joaten da jendea. Ez da prozesioan joaten, hau da, ez da parrokiako gurutzea eramaten.
Mendekoste ondoko asteartea: Egun horretan Arakil haraneko eta Aginagako herritarrak, San Miguel Excelsis irudia beraiekin zeramatela, Trinidadera igotzen ziren. Ditugun datuen arabera, badakigu 1754. urtetik aurrera egiten dela prozesio hau. Irurtzunen egun horretan azoka egiten zela eta, 1960 urtetik 1965 urtera bitartean ez zen egin antzina-antzinako erromeria hau.
Trinidade ondoko astelehena: Erga mendira joatea: Imotzeko eskualdea eta Irañetako herria. Mendekoste astearteko erromeria kendu zenetik, Arakil haraneko herriak ere igotzen dira baselizara Trinidade egunaren ondoko astelehenean.
Trinidade ondoko asteartea: Antzina-antzinatik egiten dute prozesioa egun horretan Guliako eskualdekoek. Ditugun datuen arabera, erromeria hau 1754. urtetik aurrera egiten da astearte horretan.
Trinidade ondoko asteazkena: Txulapaingo eskualdekoek egiten zuten erromeria hau aurreko asteartera aldatu zuten, baseliza eta ermitauaren etxea zaintzen zituzten pertsonak Trinidadean hainbeste denbora ez egoteko.
Apirilaren 25a, San Markoren eguna: Prozesioa Aizkorbetik ateratzen zen, Parrokiako gurutzea zeramatela, Trinidadean meza entzuteko. Eguerdian itzultzen ziren etxera. Esan dezagun gaur egun ez dela prozesio hau egiten.
Maiatzaren 23an igotzen ziren Aginagako herritarrak Trinidadera. Orain ez da prozesio hau egiten.
Ekainaren 7a: Meza baselizan. Meza honetara Guliako eskualdeko fededun guztiak joaten dira. “Harriaren eguna” izenaz ezagutzen da.
Garizumako igandeak: Bazkaldu ondoren, ermitauak arrosarioa errezatzen zuen eta Guruzpidea zuzentzen zuen Trinidadeko baselizan. Elizkizun honetara Aginagako eta Aizkorbeko fededun guztiak joaten ziren. |