ERGAKO TRINITATEA

 
 

CASTELLANO

ERGA MENDIA

Mendi hau bakarti altxatzen da Arakilgo, Guliako eta Imotzeko haranen artean. Tontorrean duen altuera 1.088 metrokoa da. Trinidadeko mendia ere esaten zaio.

Ergaren eta haren inguruko mendien magalean ditugu Aizkorbe eta Irurtzun-Etxeberri herriak Arakilgo haranean; Aginaga eta Gulia, Guliako haranean; eta Latasa eta Eraso herriak, Imotzeko haranean.

Ipar-ekialdeko isurialdean zuhaitz asko dago, pagoak bereziki. Larre handi bat eta behe-basoa dago, Ergalarre izena duena. Beste aldeko isurialdea oso aldapatsua da, landare gutxiago dago eta ez dago pagorik; alde honetan azpimarragarriak dira karezko haitzak eta Aizkorbeko marmol gorriaren orbana.

“Erga” historiaurreko hitza da. Haren esanahia galdetuz gero, oso zaila da erantzun koherente bat ematea. Batzuentzat hainbat lore hazten diren tokia edo larrea adierazi nahi du; beste batzuen ustez, berriz, hitz horrek zerikusia du lur hauetan antzina bizi ziren lehenengo biztanleen sinesmenekin, hau da, mitologiarekin. Izan ere, Erga mendiak amildegi bat du tontorrean eta Mari leizetan bizi den euskal mitologiako pertsonaia da.

Trinidadeko bidean era askotako fosil ugari daude. Jose Miguel de Barandiaranek liburu batean esaten du jendeak toki honetan “Rhynconella decorata” espeziearen fosilak biltzen dituela, fosil horiek tximistetatik babesteko balio zutela uste baitzuten.

Ermitauaren Etxea ez dago Ergaren gunerik altuenean, 980 metrotara baizik. Hartzen duen lurra Aizkorbeko (Arakil) eta Aginagako (Gulia) udalerrien artean dago.