ERGAKO TRINITATEA

 
 

CASTELLANO

IRAUPENA

ANTZINA

Baselizan lan handia egin dute ofizialek eta peoiek; izan ere, egoera onean edukitzeko sarritan egin behar izan dira konponketa-lanak. Askotan, langileek ez dute ezer kobratu edo erdia jaso dute bakarrik. Gehienetan mantenua eskaintzen zitzaien, edo ogia eta ardoa bakarrik.

Dirudienez, XVIII. mendearen erdialdean, elizak orain duen antzeko itxura zuen. Dena dela, orduko elizak dorrea —gaurko kanpai-hormaren ordez—, hiru aldare, pulpitua eta korua zituen eta zoladura zurezkoa.

1773. urtean, aldare nagusiko harlanduzko maila duen mahai berria egin zen, eta ate nagusiko portadaren erdia berritu zen. Aldarearen basamentua leundu gabeko Aizkorbeko marmol gorriarekin eginda dago.

Ermitauaren etxe berria 1780tik 1781era bitartean eraiki zen. Berrehun urte ditu eta antzinako etxeari atxikita dago, iparraldetik.

Florencio Idoatek Aizkorberen eta Aginagaren artean 1686. urtean gertatutako auzi bitxi baten berri eman zuen: Aginagakoek ermitauaren etxea (antzinakoa) eraiki nahi zuten, baina aldameneko herrikoak horren kontra zeuden. Azken horiek, besteak beste, arrazoi hau ematen zuten: beren jurisdikzioko babes-tokia bere horretan izatea komeni zela, ziertzoak jotzen zuenean haraino izerditurik igotzen zirenak bertan babesteko. Aginagakoek, berriz, esaten zuten euria edo elurra ari zuenerako edo ziertzoak jotzen zuenerako beharrezkoa zela ermitauaren etxea eraikitzea, elizan sartzen ez ziren erromesei aterpea emateko.

1783. urtean zurezko zoladura kendu eta adreiluzkoa jarri zuten baselizan.

1795. urtean 560 erreal gastatu zituzten, frantsesak basilikan eragindako kalteei aurre egiteko. 1880tik 1881era bitartean, etxearen beheko solairuan gaur egun dagoen ur-andela jarri zuten teilatuaren isurialde batetik zetorren ura biltzeko. Zurezko estalia, ur-ponpatxo bat eta ur-tutua ere jarri zituzten.

1882. urtean gaur egun duen tximistorratza jarri zioten baselizari.

1920 eta 1930 bitarteko hamar urteetan, baselizako sabaia berritu zuten: 1763. urtetik zuen oholezko estalkia kendu eta luzitua jarri zuten.

1971. urtetik hona

 

1971. urtean mendigoizale-talde batek santutegia behar bezala jartzeko obrak bere gain hartzea erabaki zuen.

Lanak bi fasetan egin zituzten: lehenengo fasekoak 1988. urtean bukatu zituzten, baina 1994. urtean tximista batek jo eta baselizaren sarrerako arkua bota zuen. Ondorioz, bigarren faseari ekin zioten, kalteak konpontzeko, eta 1997. urtean amaitu zuten.

Oro har, honako lan hauek egin dira: 

Baselizan: 

Lehenengo fasean baselizako teilatua berritu zuten: erripiak asfaltozko geruzarekin estali, teilak porlanarekin hartu, sabaiko zureria eta elizaren oin zuzenak estaltzen zituen luzituaren igeltsua kendu.

Lehendik zeukaten entokadura kendu eta gero, hormetako barrualdeko harriak garbi agertzen dira.

Prebisteriora ematen duen ekialdeko leihotik argi gehiago sartzen da.

Oin zuzenak hargintza-lanez estali dira, eta egun ez dauka ez korurik, ez sakristiarik.

Bigarren faseari ekin ziotenean, harresiaren zati bat, ermitaren aldera eskuadra egiten zuena, eta haren hormako zati bat erorita zeuden; horregatik hura konpontzea eta zimenduak sendotzea erabaki zuten, erortzeak saihesteko.

Etorkizunari begira aurreikusita dauden lanetako bat da eliza barruko porlanezko zoruaren ordez harlauza jartzea. 

Ermitauaren etxean

Obrak hasi zirenean nahiko jantzita zegoen etxea. Besteak beste, mahaia, bankuak, armairuren bat, baxera... zituen. Baina, obrek iraun zuten bitartean, sukaldeko tresna gehiagoz hornitu zen (eltzeak, zartaginak, …).

Hala ere, batzuek eginiko ahalegin honi lapurreta eginez eta kalteak sortuz erantzun zioten beste batzuek: baxera desagertu zen eta hainbat armairu eta banku erre zituzten.

Gertaera horiek zirela eta, etxea ixtea eta beheko solairuan beheko sua duen aterpea jartzea erabaki zen. Aterpea beti dago zabalik bisitariari babesa eskaintzeko, eta bertako giltza Irurtzunen eta Aginagan eskatu behar da.

Etxeko ur-andelaren sistema hobetu egin zen.

Tximini berria eraiki zen eta sukaldea berritu.

Aginaga aldeko zelaiguneari eusten dion harresiaren atal handi bat botata zegoenez, sendo berritu da hormigoiarekin.

Bigarren fasean, hormetako harrien junturak porlanarekin hartu ziren. 

Gogor lanean

Obrak hasi zituen mendizale-taldeak, beste aldi askotan bezalaxe, ez zuen kobratu egindako lana. Haien aisialdian lan egin arren, lanerako gogo handia erakutsi zuten.

Azpimarratzekoa da astebururo igotzen zirela, igandeetan batez ere, eta oso giro onean lan egiten zutela. Gainera, arratsaldeko hirurak edo laurak arte —ordu horretan bazkaldu egiten zuten— oso atsedenaldi gutxi egiten zuten.

Batzorde bat eratu genuen lana hobeki antolatzeko eta materialak, lanabesak eta bestelako tresnak erosteko behar genuen dirua lortu ahal izateko.

Paper erabilia jasotzeko hiru kanpaina egin ziren gutxienez, dirua lortzekotan.

Materialaren garraioa errazteko, Aginagako Kontzejuak pista zabala ireki zuen 1972an, lehengo mendi-bide ia berbera.

Pista horretan materiala beldar-ibilgailuz garraiatzen ari zirenean, lan istripua izan zuten langileek: José Julian Matxainek hainbat haustura egin zituen eta ospitaleratu behar izan zuten.

Aginaga aldeko zelaiguneari eusten zion harresi eraitsia zaharberritzeko harri gehienak ere, pista horretatik hartu zituzten.

Foru Aldundiak, udalek, kontzejuek eta eskualdeko herrietako herritarrek laguntza ekonomikoa eta teknikoa eskaini zituzten.

Laguntza eskaini zuten entitateak honako hauek izan ziren:

Aginagako Kontzejua, Imotzeko Udala, Itza-Guliako Udala, Arakilgo Udala, Txulapaingo Udala, Bianako Printzea eta Irurtzun (hasieran kontzeju bezala eta gero udal bezala).

Zenbait herritarrek ere ekonomikoki lagundu zuten.

Obrak bukatutakoan, tokia zaintzeko proiektu bat sortzeko saiakera egin zen: saiatu ziren Trinidadearen lagunen batzorde bat osatzen eta hura arautuko zituen estatutuak prestatzen, baina azkenean ezerezean geratu zen.

Lanak egin zituzten mendizaleen hitzetan, prest daude berriro lanari ekiteko. Dena dela, nire ustez une honetan ez da beharrezkoa, baseliza oso egoera onean baitago.